2007/07/09

нaмaιĸa нerrιaldeтaĸo eυѕĸaldυnaĸ


Ameriketako diasporako ordezkari gazteak Euskal Herrian dira egunotan Gaztemundu egitasmoari esker, haien arbasoen aberria ezagutu eta mundu osoko euskaldunekin biltzeko.
mikel carramiñana

Bilbo

Ormaetxea, Larraburu, Iriberri, Aramaio edo Etxepare. Abizen euskaldunak gorde dituzte gehienek, duela mende bat baino gehiago haien arbasoek Euskal Herritik Argentinara, Perura edo AEBetara eraman zituzten deiturak baitira. Ameriketara joandako milaka euskaldunen ondorengoek, horietako askok gutxienez, euskal hizkuntza eta ohiturei eutsi izan diete belaunaldi batetik bestera eta, euskal etxeei esker, haien jatorriaren berri zabaltzeko aukera izan dute. Arbasoen jaioterria ezagutzeko aukera, alabaina, gutxik izaten dute, bidaiak garestiegiak direlako besteak beste. Horregatik, Gaztemundu egitasmoari esker, Ameriketako euskal etxeetan lanean diharduten 30 gaztek, Euskal Herria ezagutzera eta mundu osoko euskal diaspora ezagutzera datoz urtero, uztailaren hasieran.
Duela 11 urte abiatu zuen Gaztemundu programa Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren kanpo harremanetarako bulegoak eta, dagoeneko, 500 gazte baino gehiagok hartu du parte proiektuan. Astelehenean heldu zen Bilbora aurtengo taldea, eta hilaren 14ra arte izango da berton. Argentinakoak dira gehienak baina beste herrialdeetatik etorritakoak ere badaude: Uruguai, Peru, Kolonbia eta AEBetakoak, hain zuzen ere.
Atsedenerako astirik gabe aritu dira lehenengo egunetik, denbora laburrean dozenaka herri garrantzitsu eta leku adierazgarri bisitatzera eraman behar baitituzte. Orain arte, Bilbon, Donostian eta Gasteizen izan dira, baina bestelako bisitak ere egin dituzte; hala nola Athletic futbol taldearen San Mames zelaira edota Gernikako Bakearen museora. Arantzazun ere izan dira asteon eta bertan izan zuen Gabriel Arce argentinarrak euskal herritarrekin euskaraz hitz egiteko lehenengo aukera, «Bilbon aukera gutxi baitago eta Gernika bezalako herrietan, zaila da niretzat haien euskara ulertzea».
Buenos Airesen euskara irakasle dabil Arce, eta oso pozik dago Gaztemundu egitasmoari esker Euskal Herrira etortzeko aukera izan duelako, buruan zuen irudiarekin bat ez datorren arren: «Ez nuen espero horrelako hiriekin topo egitea, bestelako Euskal Herria nuen buruan, mendi paisaiena agian. Arantzazuko giroa, ordea, aurretik nuen irudiarekin bat zetorren». Bilboko eta Gasteizko alde zaharretan ere gustura ibili dela gaineratu zuen. Iparraldeko herrialdeak ere ezagutu nahi ditu, egitarauan ez baitago horietara bisita egiteko aukerarik.
Bidaia, oro har, «oso aberasgarria izaten ari» da Arcerentzat eta lagungarria ere izango zaio Argentinara bueltatzen denerako, izan ere, «diasporaren etorkizuna bermatzeko jakingaiak bereganatzen ditugu hemen, Argentinan euskal kulturari bizirik iraunarazteko». Bere arbasoak nafarrak zirela besterik ez daki, «amama oso txikia zen San Luisera eraman zutenean eta gure euskal jatorriari buruz, istorioak baino ez zaizkit heldu». Aukera izanez gero, Nafarroa bisitatzen duenean saiako da haren jatorriari buruz gehiago ikertzen.

JAKINMINEZ. Leandro Bellok, ordea, birraitona-amonak Bilbo aldekoak zituela betidanik jakin izan du , «Erandiokoak hain zuzen ere, eta euskaldunak zirela ere dakit, hizkuntza haiekin batera hil bazen ere, familiako ondorengoek ez baitzuten inoiz ikasi». Itsasoaz bestaldeko hizkuntza eta herri zahar horren inguruko istorioak entzuten hazi zen eta, horregatik, «betidanik izan nuen Euskal Herriarekiko jakin-mina». Egun batean, duela hiru urte inguru, Euskaltzaleak taldearen egoitzaren ondotik pasa zen eta, bertan, euskara klaseak eskaintzen zituztela ikusi zuen: «Kasualitate hutsa izan zen, baina izena ematea erabaki nuen». Damurik ez du izan eta, bere familian atzerako salto garrantzitsua egin izan duelako, «birraitona-amonaren ezkontzatik jaio diren 180 pertsonen artean, ehun urteren buruan, lehenengoa izan naiz euskara ikasi duena».
Hiru urte hauetan Euskaltzaleak taldean aritzeagatik lortu du Gaztemundu programarekin Euskal Herrira etortzea eta, Arcek ez bezala, ez du ezustekorik izan aurkitu duenarekin: «Argentinako hiriburukoak izanda, hemendik hara joandako lagun ugariren bisita izaten dugu eta, horregatik, egungo Euskal Herriaren irudi nahiko zehatza nuen buruan». Argentinako barrualdean, euskal etorkinen komunitateak bestelakoak direla uste du, «itxiagoak izan dira betidanik eta XIX. mendeko Euskal Herriko irudia gorde dute, askok uste dute garai hartakoa bezalakoa dela egun». Hango gizartearen irudian, euskaldunak «ezagunak» badira ere, euskal herritarren kulturari buruz oso gutxik dakitela aitortu zuen Bellok, «euskal jatorria dutenen artean ere, hirugarren belaunaldiko askok erabat galdu dutelako».

DANTZARI ESKER. Arbasoengandik euskal jatorriaren berri jaso dutenei esker bizi omen da euskal diaspora. Horietaz aparte, alabaina, euskal kulturak erakarrita euskal etxeetara hurbildutakoek ere osatu eta indartzen dute diasporaren baitako mugimendua. Andrea Bella Montevideokoa (Uruguai) da eta Haize Hegoa zentroko dantza taldean dabil. Familian baieztatu ezin izan duten euskal abizenaren bat badute ere, ez zuen horregatik jo euskal etxera. «Lagun bati esker sartu nintzen eta bertan egiten zituzten jarduerak atsegin nituela, taldearekin bat egin nuen». Duela hamar urte izan zen hori eta haiekin jarraitzen du. Iaz, gainera, txikien dantza taldea sortu zuen lankide batzuekin eta gustura dabil.
Egunotako bidaia eta Euskal Herria «ederra» iruditu zaiola azaldu zuen baina, hala ere, gauzak lasaiago bisitatzeko aukera izatea gustatuko litzaioke, «garrantzitsuena erakutsi nahi digute eta, horregatik, arineketan ari gara gauzak ikusten batetik bestera».
Haize Hegoa zentroan zenbat lagun aritzen den zehazteari zaila deritzo. «Dantza taldean 25 gara maiztasunez aritzen garenok, eta batez besteko adina 30 eta 35 urte bitartekoa da,55 urte dituen dantzari bat daukagun arren». Gaztetan euskal etxean aritutako askok alde egin behar izaten dute, baina, beste batzuek, «zorionez, urteak pasa arren, taldean parte hartzen jarraitzen dute».

No hay comentarios.: